EHUko, LABeko eta BC3ko ikertzaileek 2050erako energia-eredu bat proposatu dute, gaiari buruzko eztabaida sozial, politiko eta ekonomikoa sustatzeko
Utilities Policy aldizkarian argitaratutako ikerketaren arabera, Euskal Herriak 2050erako trantsizio energetiko justu, publiko eta burujabea lortu ahal izateko, energia-kontsumoa % 51 murriztu eta energia berriztagarrien tokiko sorkuntza % 386 handitu beharko litzateke. EHUko LCTG taldeko Ortzi Akizu eta Erlantz Lizundiak, LABeko Martin Lallanak eta BC3ko Unai Pascualek egindako ikerlanak gaur egungo energia-ereduari buruzko eztabaida sustatzea du helburu.
Euskal Herriko Unibertsitateko Life Cycle Thinking (LCTG) ikerketa-taldeak, LAB sindikatuak eta BC3 (Basque Centre for Climate Change) ikerketa-zentroak lankidetzan argitaratu duten artikulu zientifiko batean frogatu dute badirela aukerak autosufizientzia neto bat lortzeko instalazio berriztagarri eta nagusiki publikoak ezarrita. Lanak ekarpena egin nahi dio energia-sistema justu, publiko eta jasangarri baten beharrari buruzko eztabaida zientifikoari. “Gaur egungo egoera energetiko larriari irtenbide bat emateko eztabaida sustatzea du helburu ikerlanak”, azaldu du Ortzi Akizu Euskal Herriko Unibertsitateko LCTG ikerketa-taldeko kideak”. Ikerketa Euskal Herria bere osotasunean hartuta egin dute: Ipar Euskal Herriko, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko datuak erabili dituzte. “Eszenatoki burujabe, berriztagarri eta nagusiki publiko bat proposatu dugu 2050erako. Proposamen irekia da, alegia, EHrako eredu energetiko jasangarri bat diseinatzeko lehen pausoa”, gaineratu du Akizuk.
Ikerketaren arabera, Europan erregai fosilen dependentzia handienetakoa duten eskualdeetako bat da Euskal Herria (Zipre eta Maltaren atzetik legoke, eta Luxenburgoren aurretik). Gaur egun kontsumitzen den energiaren % 79 erregai fosiletatik dator (petrolioa eta gasa), eta, gainera, erregai fosil horien hornitzaile nagusia AEB da: kontsumitzen den gasaren % 33 eta petrolioaren % 12 AEBtik dator. Gainera, espainiar estatuan baino % 13 energia gehiago kontsumitzen da. “Esan genezake gure energia-kontsumoa handia, txarra eta garestia dela”, erantsi du Akizu doktoreak.
Horrenbestez, lurraldean autosufizientzia netoa lortzeko trantsizio energetikoko eredu bat aztertu dute ikertzaileek, kontsumoan oinarritutako ikuspegi bati jarraituz. Datuek erakutsi dutenez, 2050erako lortu beharko litzatekeen eszenatokian “lehenik energia-kontsumoa % 51 murriztu daitekeela ikusi dugu, sektorez sektoreko neurriak hartuz. Besteak beste, energia-galeretan eta transformazioan % 80 murriztea; garraioan % 61; industrian % 30; etxebizitzetako kontsumo termikoa % 50…”, azaldu du Akizuk. Hala, EHren energia-aztarna 128 TWh izatetik 63 TWh izatera murriztuko litzateke, eta pertsonako eta urteko 40 MWh kontsumitzetik 19 MWh kontsumitzera.
Sorkuntza publikoa eta berriztagarria
Ikerketak erakutsi duenez, kontsumo murriztu hori hornitzeko, energia berriztagarriaren tokiko sorkuntza % 386 handitu beharko litzateke: “Energia berriztagarriaren 37 GW-eko potentzia instalatu beharko litzateke, teilatuak eta, ahal den neurrian, lursail ez-emankorrak erabiliz instalazio eoliko zein fotovoltaikoak ezartzeko, baita biomasaren hondakinak erabiliz ere”. Eguzki-panelak teilatu guztietan ezarri beharko lirateke, eta EHko azaleraren % 2,1 erabili beharko litzateke instalazio eolikoak eta fotovoltaikoak ezartzeko (azaleraren % 0,5 eta % 1,6, hurrenez hurren).
Azkenik, ikertzaileek diote “nagusiki era publikoan gauzatu litekeela trantsizio hori, aurrekontu nazionalaren % 2,6 bideratuz 2050 urtera arte, instalazio berrien % 65 jabetza publikokoak izan daitezen”.
Ikerketan, beraz, 2050erako zer kontsumo-murrizketa lor daitekeen proposatu dute, eta zatirik handienean publikoa den tokiko sorkuntza berriztagarria nola lor daitekeen. Eta, bestalde, helburu horiek lortzeko lurraldeak zer gaitasun duen ere aztertu dute: “2050erako sortu dugun eszenatoki honetan ikusten da % 51ko energia-murrizketak aplikatu arren, probintzialki, gure oinarrizko beharrizanak asetzeko, Nafarroako Foru Erkidegoan 2,6 aldiz handitu beharko litzatekeela egungo sorkuntza berriztagarria, Ipar Euskal Herrian 5,6 aldiz eta Euskal Autonomia Erkidegoan 7,1 aldiz”. Beraz EH mailan 4,9 adiz energia berriztagarri gehiago.
Ikertzaileek nabarmentzen dutenez, “trantsizio energetikoa ez da justua izango publikoa eta berriztagarria ez bada”. Ikerketan irudikatu duten testuinguru horrek “berme publiko demokratiko eta bidezkoak ezartzea eskatuko luke nahitaez, lurraldearen ehun sozioekologikoa babesteko, eta arau-esparru zorrotz bat ezarri beharko litzateke enpresek lurrak eskuratzeko joeraren aurka”, adierazi du EHUko ikertzaileak.
“LAB sindikatuak beharrezkoa ikusi zuen kontsumo ez jasangarriaren atzean dagoen eredu energetikoa aldatzeko proposamen berri bat lantzea, eta EHUk eta BC3k bat egin dute lehen ahalegin honetan. Orain, ikerketa hau lehen pausoa izanik, gizartean trantsizio energetikoa sustatzeko elkarrizketak sortzeko garaia da, bai enpresaz enpresa, bai erakunde publikoetan zein norbanakoengan”, esanez amaitu du.
Informazio osagarria
Ikerketa honetan, Ortzi Akizurekin batera, Martin Lallana (LAB), Erlantz Lizundia (EHUko LCTG) eta Unai Pascual (BC3-ko Ikerbasque ikertzailea aritu dira.
Ortzi Akizu Gardoki Life Cycle Thinking Group ikerketa-taldeko ikertzaile arduradunetako bat da eta EHUko Gasteizko Ingeniaritza Eskolako irakaslea.
Erreferentzia bibliografikoa
Ortzi Akizu-Gardoki, Martin Lallana, Erlantz Lizundia, Unai Pascual
Modelling a just, public and net self-sufficient renewable energy transition at regional level
Utilities Policy
DOI: 10.1016/j.jup.2026.102283