Printer friendly version Share

News Release

Telekomunikazio mugikorren dimentsio berria

17 January 2013 Elhuyar Fundazioa

E3Network proiektuaren helburu nagusia da datu emaile-hartzaile bat diseinatzea. Hasierako fasean, 10 Gbps-ko (gigabit segundoko) abiadurako datu-transferentzia egiteko aukera emango luke, eta proiektua garatzen ari den herrialdeetan sare-azpiegitura berri bat garatu beharko litzateke horrekin batera. CEIT-IK4 zentro teknologikoko ikertzaileak dira E3Network edo Interneten Etorkizuna deritzon proiektu horren buru.

Proiektuaren zuzendaria den Igone Velez-en arabera, "mundu guztia edozein tokitatik eta abiadura oso handian konektatu ahal izango duen era bat ikertzen ari gara". Izan ere, CEIT-IK4ko elektronika- eta komunikazio-ikertzailearen arabera, sistema berriarekin, "telekomunikazioen dimentsio berri bat izatea lortuko da, non mugikorra modu sozialagoan erabil ahal izango den, baita baserri-inguruetan ere".

Mugikorrak eta tabletak telefono adimendun gisa (smartphoneak) erabiltzen hasi direnetik, etxean eta bulegoan izan dezaketen Interneteko konexio bera izatea eskatzen diete erabiltzaileek sareen operadoreei. Baina gaur egungo sare-azpiegitura eta negozio-ereduak ez daude prestatuak eskari-gehikuntza hori kudeatzeko. Europako herritarren % 1-2 baino ez da konektatzen Internetera zuntz-sare ultraazkarraren bitartez (Japonian, aldiz, % 12, eta Hego Korean, % 15), eta horrek mugatu egiten ditu tresna horren abantailak.

Hori dela eta, Europako Batzordeak 2020rako banda zabaleko abiadura handiaren azpiegitura kritikotzat hartu du. Izan ere, uste du europarrei bizi-kalitate hobea ekarriko diela arlo hauetan: osasunean eta segurtasunean emaitza hobeak izango dira, aireko eta lurreko garraioan eraginkortasuna, ingumena babesteko aukera gehiago, zerbitzu publikoetako sarbidean abantailak, eta, gainera Europak munduko merkatuetan dituen produktibitatea eta lehiakortasuna hobetu egingo dira. Horrenbestez, EBko Agentzia Digitalak ezinbestekotzat jotzen du 2020an herritar guztiek 30 Mbps-ko (megabit segundoko) banda zabala izatea.
E3Network proiektuak garatu nahi duen transzeptoreak kostu askoz txikiagoa izango du zuntz-sareen banaketak suposatuko lukeenarekin konparatzen bada, eta, gainera, abiadura azkarreko sare zabal bat izango da, etorkizuneko sareei bermea emango diona.

http://www.basqueresearch.com/berria_irakurri.asp?Berri_Kod=4328&hizk=E

Elhuyar-kom eNEWS ad2 WCSJ ad App animated no finger Translation page link