Printer friendly version Share

News Release

Bide berri bat ireki dute etorkizunean glukosa neurtzeko biosentsoreak sortzeko

15 January 2013 Elhuyar Fundazioa

CIC bioGUNEko ikertzaile batzuek bide berritzaile bat ireki dute etorkizunean glukosa neurtzeko biosentsoreak garatzeko, aukera emango dutenak glukosa neurtzeko, odolean ez ezik, ustez eraginkorrago gertatu behar duten fluido batzuetan ere, hala nola gernuan. Horretarako, prozesu zientifiko konplexu bat garatu dute, eta, hari esker, auzitan jarri dute komunitate zientifikoan errotua dagoen paradigma bat, proteinak elkartzeko eta elkarrekin komunikatzeko mekanismoei buruzkoa.

Maila subzelularreko komunikazio-mekanismoen oinarria proteinen arteko interakzioa edo proteinek metabolitoekin edo beste estekatzaile batzuekin dituzten interakzioak dira. Fenomeno horien bitartez esplika daitezke proteinek organismoetan dituzten funtzioetako gehienak, baina, horretarako, ezinbestekoa da proteina bakoitzak zehatz jakitea zer estekatzaileri lotu behar zaion.

Orain arte komunitate zientifikoan errotuta zegoen ideia baten arabera, proteinen arteko lotura-mekanismo bikoitz bat dago, bi prozesu beregain izango balira bezala bereizia: proteina batzuk ahokatze induzitu izeneko mekanismoaren bidez bakarrik lotzen zaizkio elkarri (proteinak estekatzailearen forma hartzen du elkartze-prozesuan), eta beste proteina batzuk forma-hautapena deritzon mekanismoaren bitartez soilik (sarrailak molde jakin bateko giltza bezala, proteina bat eta estekatzaile bat lotzeak elkarrekin ahokatzeko moduko formak izatea eskatzen du).

Baina lan honetan —Óscar Millet izan da zuzendari, CIC bioGUNEko Biologia Estrukturaleko Unitatekoa bera, eta Journal of the American Chemical Society aldizkariaren azaroko zenbakian argitaratu da— paradigma hori ezeztatu egin da, eta baieztatu da elkartze-mekanismoa aldatu egiten dela zenbait aldaketa arin eginez, ingeniaritza genetikoaren bitartez, bi proteina lotzen dituzten gontz-eskualdeetan.

Ikerketa honetarako, bi lotura-proteina periplasmiko bakteriar hartu dituzte. Proteina horiek, elkartzeko, forma-aldaketa ikusgarria egiten dute (bi domeinu gontz-eskualde baten inguruan ixtea); horren antzekoa da landare karniboroek beren bi lobulu haragitsuen artean intsektuak harrapatzeko egiten dutena.

“Gure lanaren emaitza nagusia da frogatzea bi mekanismo horiek estu loturik daudela, eta batetik bestera pasatzeko aski dela proteinan aldaketa txiki batzuk egitea”, dio Óscar Milletek.

“Mekanismoa ulertzeaz gain, ikusi dugu ahokatze induzituaren eta forma-hautapenaren arteko aldea oso txikia dela; ez dira egiazki bi prozesu independente, dena lotuta dago eta. Natura beti da fina, eta gontzaren konposizio kimikoaren aldaketa txiki batzuek mekanismo batetik bestera eramaten dute”, adierazi du CIC bioGUNEko ikertzaileak.

“Mekanismo hau erabat gontz-eskualdearen mende dago; hainbesteraino, non ingeniaritza genetikoaren bitartez gontzak trukaturik, mekanismoa aldatu egiten baita: GGBPak, RBParen gontzarekin, ahokatze induzituz jokatzen du, eta alderantziz, RBPa, GGBParen gontzarekin, sarraila-giltza mekanismo baten bitartez lotzen zaio oinarriari”, dio Milletek.

“Ulertzen badugu proteina periplasmikoak glukosa nola harrapatzen duten zelulan sartzeko, bidea irekita daukagu molekula horiek biosentsore moduan erabiltzeko”, dio Milletek. Biosentsore horiek aukera emango lukete odolaz besteko likidoetan ere glukosaren kontzentrazioa neurtzeko; gernuan, esaterako. Horrek prozesua erraztuko luke, eta datu fidagarriagoak emango lituzke diabetesa duten gaixoen odolean glukosa-kontzentrazioa neurtzeko metodo tradizionalek baino.

Izan ere, gaur egun erabiltzen diren teknikek gutxi gorabehera ematen dute odoleko glukosa-kontzentrazioaren neurria, ezinbestean, beste substantzia asko baitaude glukosa maskaratzen dutenak. Beraz, diagnostiko-metodo berriak bilatzean egiten den edozein aurrerapenek onura ekarriko du gaixotasuna kontrolatzeari dagokionez.

Diabetesa

Glukosa-kontzentrazioa neurtzea oso garrantzitsua da diabetikoentzat. Munduan 300 milioi pertsonari eragiten dien gaixotasun kroniko larria da diabetesa (Espainian, bost milioi). Gaixotasun metaboliko horren kausa pankreak intsulina hormona gutxi sortzea edo gorputzak hura desegoki erabiltzea da. Intsulinak zerikusia dauka glukosa zelulen barrura garraiatzearekin, han energia baliagarri bihurtzeko.

Diabetikoei, intsulina gutxi sortzearen edo gorputzak hura desegoki erabiltzearen ondorioz, gehiegi handitzen zaie odoleko glukosa-kontzentrazioa, eta horrek hainbat sintoma eragiten ditu: nekea, pisu-galera, neuropatiak, ikusmen-arazoak, eta are, kasurik muturrenekoetan, heriotza.

http://www.basqueresearch.com/berria_irakurri.asp?Berri_Kod=4314&hizk=I

App animated no finger WCSJ ad Facebook-Twitter3 eNEWS ad2 Translation page link