Printer friendly version
Share
News Release
Gari-lastoan eta paper birziklatuan oinarritutako biokonpositeak garatzeko ikerketa aitzindari bat gidatzen ari da TECNALIA
20 September 2012
Elhuyar Fundazioa
TECNALIAk biokonposite berriak garatuko ditu, eta hiri- eta nekazaritza-hondakinetatik eraikuntza-sektorerako errendimendu handiko produktu bihurtuko ditu. Material berritzaile horiek INNOBITE (INNOvative BIocomposiTEs) proiektuan egingo dira. INNOBITE Europako Batzordearen VII. Esparru Programako lankidetza-proiektu bat da, TECNALIAk gidatua, eta Europako beste ikerketa-zentro eta enpresa hauek ditu partaide: VTT, EMPA, EXERGY, VERTECH, TECNARO, ECOPULP, ACF eta CIMV.
Kontsumo- eta ekoizpen-eredu jasangarrietan oinarritutako europar ekonomia berri bat garatzeko asmoari lotuta dago ikerketa, eta bi ideia berritzailetan oinarritzen da: gari-lastoaren frakzio inorganikoa balorizatzea eta paper birziklatutik zelulosa-nanofibrak (MFC) ateratzea. Gai horiek bakartutakoan (kutsatzen ez duten prozesu batzuen bitartez, betiere), bi konposatuak errendimendu handiko gehigarri izango dira, formulazio polimeriko berri batzuetan. Gari-lastoaren bi frakzio nagusiak —lignina eta zelulosa— polimero-matrizea eta material indargarria izango dira, hurrenez hurren, eta bi baliabide horien eraginkortasun osoa lortuko da hala.
Material eta prozesu berriak balioztatzeko, eraikuntza-sektoreko aplikazioetarako produktuak diseinatuko eta garatuko dira; zehazki, konpartimenduak bereizteko panelak eta estalkientzako profilak. Produktu berriei hainbat saiakuntza normalizatu egingo zaizkie erresistentzia eta iraunkortasuna neurtzeko, eta biodegradagarritasun-testak ere bai. Erresistentziari eta iraungarritasunari dagokionez, espero da lagungarri gertatuko direla merkatuan sartzeko, gutxieneko betekizun teknikoak gaindituko dituztelako; biodegradagarritasun-testen bidez, berriz, nabarmendu nahi da ingurumenari dagokionez gaur egungo produktuak baino hobeak direla. Proiektu guztian landutako produktuen nahiz ekoizpen-prozesuen ebaluazioa egingo da, hurrenez hurren, Bizi Zikloaren Analisiaren eta Teknologiaren Ingurumen Egiaztapenaren bitartez; horrela, ingurumen-kontrolik zorrotzenen mende jarriko dira.
Petrolioaren prezioa aldakorra denez eta petrolioa erabiltzeak kliman ondorioak dituenez, azken hamarkadan material jasangarriagoak bilatzen ari dira, etengabe, haietako asko konposatu naturaletan oinarrituak, petroliotik eratorritako produktuen ordez halakoak erabili ahal izateko. Premia hori testuinguru orokorrago batean harturik, 2010eko martxoan, europar agintariek Europa 2020 Estrategia bultzatu zuten, gure kontsumo-gizartearen berehalako bilakaera definitzeko bide-orri bat, hiru lehentasun nagusi dituena: 1) ezagutzan eta berrikuntzan oinarritutako ekonomia bat garatzea (hazkunde adimentsua); 2) baliabide naturalen eraginkortasuna sustatzea (garapen jasangarria); eta 3) enplegua sortzen duen ekonomia bat bultzatzea (hazkunde integratzailea). INNOBITE europar proiektuak zuzeneko eragina izan nahi du hiru faktore horietan, zientziaren azken aurrerapenak bereganatuz, ugari diren bi azpiproduktu natural birbalorizatuz, eta enpresa txiki eta ertainak garapen-biderako tresna egokitzat hartuz.
Biokonposatuen eskaera handitzen ari da, eta zenbait azpisektore berri —hala nola Eraikuntza Jasangarria— merkatuan errotzen ari dira, haien aldeko politiken laguntzari eta gizartearen kontzientzia gero eta handiagoari esker. INNOBITE proiektuan garatutako produktuek negozio-aukera berriak sortuko dituzte eraikuntza-sektoreko enpresentzat; aukera emango diete merkatu berrietara zabaltzeko, eta lagungarri gertatuko dira enpresa, eredu eta negozio-eredu berriak sortzeko.
http://www.basqueresearch.com/berria_irakurri.asp?Berri_Kod=4148&hizk=E#.UFsyoq5MLqI