Printer friendly version
Share
News Release
Tecnaliak % 30 murriztu du makina-erreminten energia kontsumoa Europan
04 July 2012
Elhuyar Fundazioa
Tecnalia Research & Innovation ikerketa-zentroa etorkizuneko fabrikarako erreferentea dela aipatu dute. Izan ere, haren DEMAT proiektua aukeratu dute fabrikazioaren alorreko urteko proiekturik onenetakoen artean, proiektu horrek sektoreari eskaintzen dizkion onurak direla eta. Proiektu horrek % 30 murrizten du makina-erreminten energia kontsumoa.
Industrial Technologies 2012 ekitaldian aurkeztu dute proiektua, Danimarkako Aarhus herrian ekainaren 19tik 21era bitartean egin den foroan, hain zuzen ere. Europar Batasunak sustatzen duen ekitaldi hori erreferentea da Europan, han elkartzen diren nanoteknologiaren, material aurreratuen eta fabrikazio-sistema berrien alorreko 1.000 aditu baino gehiagorentzat.
Tecnaliak zazpi ikerketa-proiektu aurkeztu ditu ekitaldi horretan, eta horien guztien artean DEMAT (Dematerialised Machines) izeneko proiektua nabarmendu da. Izan ere, fabrikazioaren alorreko Europako proiekturik onenen artean geratu da; 900 proiektu baino gehiago aurkeztu dira. Produktu eta prozesu berriak sortuz Europan lehiakortasuna sustatzen duten inpaktu ekonomiko eta sozial handiko proiektuek jasotzen dute aipamen hori.
DEMAT makina-erremintak diseinatzeko modu berri bat da. Helburua da gaur egun makina horiek dituzten ezaugarriak mantentzea ahalik eta material gutxien erabiliz. Horrenbestez, erremintaren produktibitatea eta kalitatea mantentzen da, baliabide materialen eta energetikoen kontsumo minimoarekin. Horrek guztiak kontsumoa % 30 gutxitzeko aukera ematen du.
Azken finean, proiektuak baliabide material minimoekin balio erantsi maximoa lortzea bermatuko duten produkzio-sistemak diseinatu nahi ditu. VII. Esparru Programaren barruan Europar Batasunak finantzatzen duen ikerketa-proiektua da.
Tecnalia buru den proiektu horretan Europako hamabost erakundek parte hartzen dute: CECIMO (Belgika), Ibarmia (Espainia), Micromega (Belgika), CESI (Italia), NC-Service (Espainia), Intelliact (Suitza), D.Electron (Italia), Missler (Frantzia), CNR-ITIA (Italia), KULeuven (Belgika), EPFL (Suitza), Fraunhofer-ISI (Alemania), Bath (Britainia Handia), ISW-Stuttgart (Alemania) y MCM (Italia).
http://www.basqueresearch.com/berria_irakurri.asp?Berri_Kod=4047&hizk=E#.T_QbZpF0BCM
Attached files
-
DEMAT