Printer friendly version Share

News Release

Segurtasun handiagoa traktoreetan, irauliz gero gidaria ez hiltzeko

07 May 2012 Elhuyar Fundazioa

NUPeko ikertzaile batzuek segurtasun handiagoa lortu dute traktoreetan, irauliz gero gidaria ez hiltzeko. Egin dituzten gomendioak traktoreen kabinetako babes-egituren saiakuntzarako OCDEren kode berrietan sartu dira.

Traktorea da lurreko ibilgailuen artetik 1.000 istriputik heriotza gehien sorrarazten duena. Nafarroako Unibertsitate Publikoko aditu batzuek egindako ikerketen ondorioz, aldatu eta hobetu egin dira OCDEren (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea) arauetan erabilitako hiru kode. Erakunde horrek ibilgailu horien homologazio-kodeak ezartzen ditu gutxieneko egiazko segurtasun-maila ziurtatzeko, eta, gidaria azpian harrapatuz gero, ez hiltzeko.

Nekazaritza Ministerioak finantzatu du ikerketa, eta Ignacio Arana Navarro, José Ramón Alfaro López eta Carmen Jarén Ceballos NUPeko Landa Ingeniaritza eta Proiektuak Saileko ikertzaileek egin dute. Traktoreen kabinetako homologaziorako, indarrean ziren irizpideek ematen zuten egiazko segurtasuna balioetsi dute lanean, eta irizpide horiek aldatzea proposatu dute.  munduko ia herrialde guztietan badago araudi bat exijitzen duena, nola edo hala, traktorearen kabinak gidariaren bizitza babestea, traktorea iraultzen bada. Merkaturatu ahal izateko, kabinak metodologia zehatz bat erabiliz probatzen dira, eta metodologia hori kasu gehienetan hiru kodetan definitzen da (4 kodea, 6 kodea, eta 7 kodea); hain zuzen, kode horiek erabiltzen dira OCDEko herrialde guztietan.

"Duela berrogei bat urtetik indarrean dauden kodeek bizitzak salbatu dituzte—azaldu du Ignacio Arana ikertzaileak—, baina azken urte hauetan haien eraginkortasuna zalantzan jarri da. Gertatzen zena zen zenbait fabrikatzailek beren traktoreentzat hutsean den masaren bi halako baino gehiago ezartzen zutela masa maximo onargarritzat.  Legezkoa zen arren, gerta zitekeen traktorea iraultzeko unean bere egituraren saiakuntzan erabili zen masaren bat-bateko masa bikoitza edukitzea. Eta horrek ekarri du behar bezala homologatutako eta merkaturatutako kabinak dituzten traktoreek, irauli direnean, gidarien heriotza ekarri dutela kabina ondoratu delako.

Arazo hori konpontzeko eta heriotza gehiago saihesteko asmoz, Nekazaritza Ministerioak ikerketa-proiektu hori finantzatu zuen. Saiakuntzek emandako egiazko segurtasuna balioetsi ondoren, ordura arte erabilitako erreferentzia-kodeak aldatzeko proposamena egin zuten lanaren egileek. "Planteatu genuen erabilitako erreferentzia-masa fabrikatzaileak ezarritako masa maximo onargarriaren berdina edo handiagoa zati 1.75 izan beharko litzatekeela gutxienez, iraultzean babesteko egiturak beti jasan ahal izan dezan traktorearen pisu maximo onargarria, eta, horretarako, eraikuntzan edo materialen erresistentzian erabili ohi diren segurtasun-koefizienteak erabiltzea", dio Arana irakasleak.

Ondorioz, 2012ko urtarrilean, traktoreen kabinen hiru saiakuntza-kode garrantzitsuenak aldatu ziren. "Aldaketa funtsezkoa izan da, eta OCDEren nazioarteko bileretan defenditu dugun proposamena onartu egin da". Era berean, lan horiekin lotutako hiru artikulu argitaratu dira nazioarteko hainbat aldizkaritan.

Kabinak azpian harrapatzea saihestea

Traktoreetan gertatzen diren heriotza gehienak traktorea irauli eta gidaria azpian harrapatzen duelako gertatzen dira. 1954an, traktore baten irauliari aurre egiteko lehen segurtasun-egitura fabrikatu zen Suedian. Egitura horien babesa nahikoa ote den jakiteko, eremuko saiakuntzak egin ziren, baina oso konplexuak, garestiak eta errepikaezinak ziren. Geroago, saiakuntza normalizatu bat garatu zen: babes-egitura kolpatzen zen traktorearen egituraren gainean erortzen zen 2.000 kiloko masa batekin. Saiakuntza guztietan bezala, helburua zen inpaktu horien ondoren egituraren deformazioa ez izatea gidariak izan behar duen segurtasun-eremua libre ez uzteko bestekoa. Hirurogeiko hamarkadaren amaieran, saiakuntza estatikoen lehenbiziko arauak garatu ziren; harietan, egitura ez zen pendulu batez jotzen, baizik eta pistoi batez bultzatzen zen.

Hirurogeita hamarreko hamarkadan ondorioztatu zen egiturek irauliaren energia osoaren parte handi bat xurgatzea lortu behar zela egitura hainbeste deformatu gabe, gidaria sartzeko besteko azalera duen eremu segurua utzita.

“Parametro garrantzitsuena—dio Ignacio Aranak—ez zen egituraren erresistentzia bera, baizik eta eremu segurua gainditzeko deformaziorako behar den energia-kopurua". Horregatik, egiturek aski erresistenteak izan behar dute, baina ez dute zurrunegiak izan behar, baizik eta maila bateko deformazio plastikorako aukera eman behar dute. "Adibide gisa har dezakegu formula 1eko autoena: talka egiten dutenean motor guztia deformatzen dute, baina pilotuaren lekua ukigabe gelditzen da. Gauza bera gertatzen zen Julio Zesarrek eraso zituen harresi galiarrekin; zurezko eta harrizko geruzak zituzten: zurak erresistentzia ematen zuen, eta harriek arietearen kolpearen energia xurgatzen zuten".

http://www.basqueresearch.com/berria_irakurri.asp?Berri_Kod=3937&hizk=E

Attached files

  • Irauliari ongi eutsi zion kabina baten irudia


App De&No Big Science Tschira new Translation page link Elhuyar-kom Facebook2